Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Patenteak eta erabilgarritasun-ereduak

Berrikuntza teknikoa Asmakuntzak

Asmakuntza bat babestea da helburua, betiere arazo tekniko bati konponbidea ematen badio.

Asmakuntzak Patente edo Baliagarritasun-eredu bidez babestu daiteke.

  • Zer da patente bat? Zer da baliagarritasun-eredu bat?

    Titulu biak Estatuak emandakoak dira, eta, horien bidez, titularrak beste batzuek babespeko asmakuntza Espainian fabrikatzea, saltzea edo merkataritzarako erabiltzea eragozteko eskubidea izango du aldi baterako.

  • Zer alde dago Baliagarritasun-ereduaren eta Patentearen artean?

    Oro har, baliagarritasun-ereduak babesten duen asmakuntza maila txikiagokoa da patenteak babesten duena baino; berrikuntza objektu bati kanpo-konfigurazio edo barne-egitura desberdina ematean datza, erabiltzeko edo fabrikatzeko abantaila praktikoa eraginez.

    Normalean, baliagarritasun-ereduari gailuak, tresnak edo lanabesak dagozkio; alegia, asmakuntza mekanikoak.

    Hala produktuak, izan kimikoak, konposatuak edo elikagaiak, nola fabrikazio-prozedurak, patente bidez baizik ezin dira babestu.

    Prozeduraren ikuspegitik, baliagarritasun-eredua erregistratzeko prozesua askoz ere errazagoa da, eta laburragoa nahiz merkeagoa, patentearena baino.

    Bestalde, patentearen babes-aldia 20 urtekoa den bitartean, baliagarritasun-ereduarena 10 urtekoa da.

  • Antzeko beste figura batzuekiko aldea

    Asmakuntzetan babesten dena da ondorio tekniko bat, bai patenteen kasuan, bai baliagarritasun-ereduarenean; aldiz, diseinu industrialaren kasuan, babes pean geratzen direnak produktu jakin baten itxura-edo apaingarri-alderdiak dira.

Zer egin patente bat edo erabilgarritasun-eredu bat erregistratzeko

  • Erregistratzeko eskatu aurretik

    Patente bat edo baliagarritasun-eredu bat lortzeko betekizunak

    Asmakuntzak ezaugarri hauek izan behar ditu:

    • Berria, alegia, aurkezpen-dataren aurretik jendaurrean eskuragarri ez egotea, ez Espainian, baliagarritasun-ereduaren kasuan, ez atzerrian, patentearen kasuan.
    • Aditu batentzat agerikoa ez den nolabaiteko asmamen-jarduera baten ondorio izatea.
    • Industria-aplikazioa edukitzea.
  • Zer izan daitekeen patente
    • Produktu berriak.
    • Produktu bat fabrikatzeko gailuak, tresnak eta bitartekoak.
    • Lortzeko edo fabrikatzeko metodoak, prozesuak eta prozedurak.
    • Produktu edo konposatu kimiko-farmazeutikoak eta bioteknologikoak.
    • Erabilera berriak.
  • Zer izan daitekeen baliagarritasun-eredu

    Erabiltzeko edo fabrikatzeko abantaila tekniko bat ematen duen objektuaren itxura-, egitura- edo eraketa-ezaugarria.

    Nagusiki, lanabesak, bitartekoak, gailuak eta tresnak.

  • Zer ezin daitekeen babestu patente edo baliagarritasun-eredu baten bidez
    • Aurkikuntzak, teoria zientifikoak eta metodo matematikoak.
    • Literatur-lanak eta artelana eta sorkari estetikoak.
    • Adimen-jarduerak, jolasak eta jokoak edo jarduera ekonomiko-komertzialak gauzatzeko planak, arauak eta metodoak.
    • Ordenagailu-programak.
    • Informazioa aurkezteko moduak.
    • Giza edo animalia-gorputzarentzako kirurgia-tratamenduko metodoak.
    • Giza edo animalia-gorputzari aplikatutako diagnostiko-metodoak.
    • Giza-gorputza, edozein osaketa- eta garapen fasetan dagoela.
    • Landare-barietateak eta animalia-arrazak.
    • Begetalak edo animaliak lortzeko funtsean biologikoak diren prozedurak.
    • Ordena publikoaren edo moralaren aurkako asmakuntzak.
  • Erakunde eskuduna

    Patente eta Marken Espainiako Bulegoa (OEPM) da patenteak eta baliagarritasun-ereduak erregistratzeko eta emateko estatu-mailako erakunde publiko eskuduna.

  • Babesaren iraupena eta irismena

    Patenteak 20 urteko indarraldia du, luzatu ezin daitekeena, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatuta.

    Baliagarritasun-ereduak 10 urteko indarraldia du, luzatu ezin daitekeena, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatuta.

    Espainiako patenteen eta baliagarritasun-ereduen ondoriozko babesak Espainian besterik ez du eraginik.

    Informazio gehiago nahi izanez gero, eskuliburuok kontsulta daitezke:

    Patente-eskatzailearen eskuliburua.

    Baliagarritasun-ereduen eskatzailearen eskuliburua.

  • Zer egin patente bat edo baliagarritasun-eredu bat erregistratzeko

    1. Aurrekariak bilatzea

      Erregistratu nahi den asmakuntzaren berritasuna egiaztatzea da xedea.

      Ez da nahitaez egin behar, baina komenigarria da.

      Emaitzak ez dira lotesleak, informazioa ematea dute xede bakarra.</>

      Bi modutara egin daiteke:

      • Batetik, OEPMren orriko datu-baseetarako sarbideak erabilita.
      • Bestetik, Atzera-begirako bilaketa bat eskatuta OEPMren Informazio Teknologikoko Zerbitzuari.
        Kontsulta horrek kostua du.

    2. Eskabidea osatzea

    3. Prozeduraren segimendua

      Prozeduraren iraupena

      Patenteak

      Patente-eskabideari lotutako prozedurak 26 eta 36 hilabete artean irauten du, hautatutako prozedura gorabehera; alegia, aurretiazko azterketa eskatu edo ez.

      Emateko prozedura azeleratua erabili daiteke.

      Baliagarritasun-eredua

      Baliagarritasun-ereduak bizkorrago izapidetu ohi dira, 8 eta 14 hilabeteren artean irauten baitu prozesuak.

      Patenteak erregistratzeko prozeduraren berezitasunak

      Patente-eskabidea formalki aztertu ondoren, OEPMk Teknikaren Egoerari buruzko txostena (IET) osatuko du, eskatutako asmakuntzari eragin diezaioketen lehenagoko dokumentuak jasoz. Orduan, eskatzaileak Lagapen Prozedura Orokorra edo Aurreko Azterketako Prozedura aukera ditzake.

      Lehenean, IET kontrakoa izanda ere, patentea jasoko du. Bigarrenean, eskabidea sakon aztertuko da (berritasuna, asmamen-jarduera eta deskribapenaren nahikotasuna), patentea emateko edo ez.

      Izapidearen egoera kontsultatzea

      Prozedurako izapide garrantzitsuenak eta gorabeherak (azken horiek jakinaraziko zaizkizu) jendaurrean jarri eta gero kontsultatu daitezke, eskabide-txostenaren zenbakia adierazita Txostenen egoeraren datu-basean.

    4. Erregistroa

      Babesaren iraupena

      Patenteak 20 urteko indarraldia du, ezin daitekeena luzatu, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatuta.

      Baliagarritasun-ereduak 10 urteko indarraldia du, luzatu ezin daitekeena, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatuta.

      Kontzesio-tasak

      Eman ondoren, Kontzesio-eskubideei dagokien tasa ordaindu beharko da, Jabetza Industrialaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondorengo 3 hilabeteen barruan. Egin ezean, eskabidea bertan behera geratuko da, eskubide guztiak galduz.

      Ordainketa modu telematikoan edo aurrez aurre egin daiteke "la Caixa"ren edozein sukurtsaletan. Aurrez aurre eginez gero, aurrez web gunean likidazioa egin beharko da.

      Titulua

      Behin kontzesioa ebatzi eta Jabetza Industrialaren Aldizkari Ofizialean argitaratuta, titulua jaulkitzen da, titularra eskubidearen jabea dela ziurtatzeko.

      Ematen dituen eskubideak

      Asmakuntzako modalitatearen ustiapen industrialaren eta komertzialaren eskubide esklusiboa, hala nola titularraren baimenik ez duten hirugarrenek erabiltzea (fabrikatzea, eskaintzea, merkaturatzea, inportatzea edo xede horietarako baliatzea edo gordetzea) debekatzekoa.

      Eskubidea mantentzea

      Titularrak patentea edo baliagarritasun-eredua indarrean iraunarazi nahi badu, urtez urte ordaindu beharko ditu tasak aurreratutako urte bakoitzeko, hirugarren urte-saritik aurrera (lehen bi urte-sariak eskabide-tasarekin batera prozeduraren hasieran ordaindu direla ulertzen da)

      Kontzesioa argitaratu baino lehen bete bada urte-sariren bat, kontzesio-eskubideak ordaintzeko epearen barruan ordaindu beharko da.

      Geroago betetzen diren urte-sarien ordaintzeko mugaeguna, baldin eta errekargurik ordaindu nahi ez bada, eskabidea aurkeztu zeneko dataren urteurrenaren hilabeteko azken eguna da.

      Eskubideak mantentzeko tasak ez ordaintzea patentea edo modeloa iraungitzea ekar dezake.

Zer egin patente edo baliagarritasun-eredu bat lagatzeko

Zer egin patente bat edo baliagarritasun-eredu bat lagatzeko

  1. Eskabidea osatzea

  2. Prozeduraren jarraipena

    Izapidearen egoera kontsultatzea

    Prozedurako izapide garrantzitsuenak eta gorabeherak (azken horiek jakinaraziko zaizkizu) jendaurrean jarri eta gero kontsultatu daitezke, eskabide-txostenaren zenbakia adierazita Txostenen egoeraren datu-basean.

  3. Inskripzioa

    Inskripzioa ebatzi eta gero jakinaraziko da, Jabetza Industrialaren Aldizkari Ofizialean argitaratuta.

Asmakuntza bat atzerrian babestea

Atzerrian babestea lortzeko hiru bide dago:

  • BIDE NAZIONALA

    Babesa lortu nahi den herrialde bakoitzean eskabidea aurkeztuta.

  • EUROPAKO PATENTEAREN BIDEZ

    OEPMren bidez, Europako patenteen kontzesioari buruzko hitzarmena aplikatzeko eskabidea aurkeztuta, babesa lortu nahi den herrialdeak adieraziz.

    Patenteen Europako Bulegoa (EPO) da erakunde eskuduna.

    Europako patentea eman ondoren, dagokion herrialde bakoitzean baliozkotu behar da, kasuan kasuko tasa ordainduta eta patentea herrialde horretako hizkuntza ofizialera itzulita.

  • Patenteen arloko Lankidetza-hitzarmenaren bidez

    OEPMren bidez, nazioarteko eskabidea aurkeztuta, Patenteen arloko Lankidetza-hitzarmena (PTC) aplikatzeko.

    Nazioarteko patentea kudeatzeko erakunde eskuduna Jabetza Intelektualaren Munduko Erakundea (WIPO) da.

    Ez da patenteak emateko prozedura, eta ez ditu emakida nazionalak ordezkatzen, nazioarteko babesaren izapidea bateratzen duen prozedura da.

    Nazioarteko faseari dagozkion izapideak amaitu ondoren, WIPOk eskabidea helaraziko die eskabidean bertan zehaztutako herrialdeei, une horretatik aurrera, eskabideak eskabide nazional gisa izapidetu ditzaten.

Azken aldaketako data: