35.- 2013-2016ko Osakidetzako Pazientearen Segurtasunaren Estrategia

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Osakidetzak errekonozimendu maila nabarmena lortu du kalitateagatik eta osasun-prestazioen segurtasunagatik. Diziplina anitzeko eta espezializazio-maila handiko osasun-arretak, ezagutza eta teknologia hobetu diren honetan, aukera ematen du milaka pertsonari arreta egokia emateko. Hala ere, osasun-sistema konplexuagoa da. Konplexuagoa denez, arriskuak areagotu egin dira; pertsonen arduraldia eta profesionaltasuna edozein dela ere, ezbeharrak gertatzeko arrisku handiagoa dago. Sistema eta bertan diharduten pertsonak ez dira erabat akasgabeak; huts egin dezakete. Ezinbestekoa da horretaz ohartzea ezbeharrak saihesteko eta gure pazienteen segurtasuna kolokan ez jartzeko. Hala, horietaz ikasi behar da, berriro gerta ez daitezen. Horrenbestez, are gehiago saiatuko gara gure pazienteei ahalik eta segurtasun handiena eskaintzen.

Mundu osoan lehenesten da pazientearen segurtasuna: izan ere, osasun-arretaren nahi gabeko bigarren mailako ondorioek heriotza asko eragiten dituzte herrialde garatu guztietako osasun-sistemetan. Ebidentzia zientifiko sendoen bidez abalatutako eta nazioarteko hainbat erakundek sustatutako ekimen askok adierazi dute premiazkoa dela pazienteei, arreta eman bitartean, nahi gabe eragindako kalteak murrizteko programak eta estrategiak garatzea.

Estrategia hori honako hauen adierazpena da:

  • Sareko paziente, langile eta zuzendaritza-kide guztientzako gida erabilgarria da, zerbitzu publikoaren etengabeko hobekuntza duenez xede, hala nola euskal herritarrei segurtasun handiko osasun-arreta eskainiko zaiela bermatzea.
  • Erakunde honek pazienteen segurtasuna hobetzearen alde egindako apustua eta hartutako konpromisoa islatzen du.

Estrategiak helburu hauek ditu:

  • Pazientearen segurtasuna izatea osasun-arretaren oinarrietako bat, segurtasunaren kultura bultzatuz.
  • Osasun-arretari loturiko ezbeharren arriskua gutxitzea arreta-maila guztietan.
  • Gastua arrazionalizatzeko politika ezinbestekoa eta kalitatezko eta segurtasun handiko osasun-arreta bateratzea, segurtasuna-eraginkortasuna binomioaren bitartez.
  • Teknologia berrien bultzada baliatzea, segurtasunean egon daitezkeen gabetasunak gutxitzeko, osasun-arretaren ondoriozko arriskuak txikiagotze aldera.
  • Pazientearen segurtasunean metatutako esperientzia arreta integratuaren antolaketa-egitura berrira egokitzea (Erakunde Sanitario Integratuak).

Saila

Osasuna

Denborazko konpromisoa

Agirian zehaztutako estrategia 2013. eta 2016. urteen artean gauzatuko da.

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

1.Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen (OAEI) prebentzioa eta kontrola: OAEIak prebenitzea eta kontrolatzea Euskadiko osasun-sistemarako lehentasun helburuak dira orain dela bi hamarkadaz geroztik

2. Kirurgia segurua: Ekintza-ildo hori Osasunaren Mundu Erakundearen Pazientearen Segurtasunerako Munduko Aliantzaren «Kirurgia seguruak bizitzak salbatzen ditu» munduko erronkan sartzen da.

3. Haurdunaldi-erditze-erdiberriaroko laguntza-prozesuko segurtasuna. Laguntza-eremu honetan garrantzi handia hartzen du pazientearen segurtasunak, eta haurdun dagoen emakumearen nahiz jaioberriaren segurtasuna babestu nahi da.

4. Pazientearen gorabeherak jakinarazteko eta haren segurtasunaren inguruan ikasteko sistema: Gertakari okerrak erregistratzeko sistemaren beharra, pazientearen segurtasunaren abiapuntu gisa, OMEren Pazientearen Segurtasunerako Munduko Aliantzan aurreikusten da 2004az geroztik.

5. Erradiazio ionizagarria darabilten diagnosi-proben preskripzioa optimizatzea: Proba erradiologikoak ohiko diagnostiko-tresnak dira Osakidetzaren eguneroko laguntza-jardunean. Nolanahi ere, proba horietan erabilitako erradiazioak arriskuak ditu, eta, horregatik, proba erradiologikoen eskaera guztiek justifikatuta egon behar dute, eta dosiak murrizteko teknikak aplikatu behar dira, funtsezko diagnosi-informazioa lortzea ahalbidetuz.

6. Medikazioa ematearekin lotutako jardunbide egokiak: Medikazioari lotutako akatsak murriztea etengabeko hobekuntza-prozesutzat hartu behar da, eta hainbat jardun sartu behar dira medikamenduak erabiltzeko katea osatzen duten faseetan. Gainera, osasuneko profesionalak nahiz pazienteak inplikatu behar dira garapen eta ezarpenean.

7. Erizaintzako zainketekin lotutako jardunbide egokiak: Gure osasun-sisteman artatutako pazienteen presio-ultzeren eta erorikoen intzidentzia eta prebalentzia murriztera bideratutako estrategia eta jarduera guztiak barne hartzen dira funtsean aldi honetan.

8. Transfusio-segurtasuna: Odol-osagaiak, ehunak eta zelulak erabiltzean segurtasun-neurriak ezartzea beti izan da gai garrantzitsua, eta hala izaten jarraitzen du, azken hamarkadetan Osakidetzan, bai eta neurri kliniko-epidemiologikoak, kontrol analitikokoak eta kalitate-sistemak ezartzera bideratutakoak ere.

9. Pazientea segurtasunean trebatzea: Profesionalen lantaldeen trebakuntza segurtasun klinikoaren hobekuntzan –osasun-zerbitzuak ematen dituzten guztiek egin behar dute– laguntzen duen estrategiatzat jo da nazioartean.

10. Pazienteak okerrik egin gabe identifikatzea: Osasun-zentroetan pazienteak ondo identifikatzea, arreta eskaini nahi diogun pazientea guk uste dugun hori dela egiaztatzea, oinarrizko neurri bat da osasun-zerbitzuetan ematen den arretan okerrik ez egiteko.

11. Medikazio-egokitzapena: Pazienteak aurrez hartzen dituen botiken zerrenda zehatza lortzeko prozesu formal eta protokolo bidezkoa, eta arreta-trantsizioaren ostean agindutakoarekin konparatzekoa, balizko bat ez-etortzeak, omisioak, bikoiztasunak eta/edo elkarreraginak hauteman eta, behar izanez gero, zuzentzeko.

12. Pazientea osasun-arretaren segurtasunean inplikatzea: Pazientea eta bere senide eta/edo zaindariak osasun-sistemak ematen duen arretan inplikatzea funtsezko elementu bat da pazientearen segurtasunaren hobekuntzan, eta lehen mailako elementu estrategiko bat da.

13. Gernu-kateterrari lotutako gernu-traktuko infekzioak murriztea: Gernu-kateterrari lotutako gernu-traktuko infekzioak osasun-laguntzarekin lotutako infekzio nagusietako bat dira herrialde garatu guztietan.

EBALUAZIOA

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Korporazioaren programa eraginkortasun handienaz kudeatzea lortu ahal izateko, sareko lana bultzatuko da, ahalik eta profesional gehienek parte hartzeko, Pazientearen Segurtasunerako Batzorde Gidariaren orientazioaren pean. Batzorde horretan ordezkatuta egongo dira arreta- eta administrazio-arloetako asko: Osakidetzaren Zuzendaritza Orokorra, Osasun Saila eta zerbitzu-erakundeak. Estrategiaren betetze-mailaren, bilakaeraren eta emaitzen segimenduaz arduratzen da, hala nola ekintza-ildo eta helburu berriak proposatzeaz. Batzorde hori lau hilean behin biltzen da.

Ekintza-ildo bakoitzak adierazle espezifikoak ditu (guztira, 139 adierazle dira), estrategian esku hartzen duten eragileen eskura jarritako aginte-taula duen tresna informatiko baten bitartez kudeatzen direnak.

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data: 2017/06/30
Azken aldaketa: 2016/01/22