Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 6koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita N-240 errepidean Ubide udalerrirako sarbideko hegoaldeko bidegurutzea berrantolatzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 127
  • Hurrenkera-zk.: 3018
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/06
  • Argitaratze-data: 2022/07/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko otsailaren 23an, Arabako Foru Aldundiaren Errepide Zerbitzuak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, N-240 errepidean Ubide udalerrirako sarbideko hegoaldeko bidegurutzea berrantolatzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2022ko apirilaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E. eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: 獴este proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan.

Txosten honen xede den proiektua Gorbeia KBEren (ES2110009) eta haren babes-eremu periferikoaren mugatik oso hurbil dago.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea N-240 errepidean Ubide udalerrirako sarbideko hegoaldeko bidegurutzea berrantolatzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiekturako, baldintza hauekin:

  1. Proiektuaren xedea da N-240 errepidean Ubide udalerrirako sarbideko hegoaldeko bidegurutzea berrantolatzea eta hobetzea, bide-segurtasuneko baldintzak hobetzeko. Indarreko araudi aplikagarrira egokitutako luzera eta zabalera eman nahi zaizkie erdiko erreiei, ezkerrera biratzeko (dezelerazioa, itxaronaldia eta azelerazioa), eta abiadura aldatzeko erreiei (dezelerazioa eta azelerazioa) zuzeneko mugimenduetarako.

    N-240 errepidean Ubide udalerrirako sarbideko hegoaldeko bidegurutzea berrantolatzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Proiektua egungo plataforman oinarritzen da, eta ardatz nagusia gaur egungoaren oso antzekoa izango da.

      Ubideko aldean (eskuinaldean, Vitoria-Gasteizerako noranzkoan) lubetak proposatzen dira, eta ezkerraldean (Vitoria-Gasteizerako norabidean), gaur egungo bi sarbide-erreiak zabaltzen dira. Obrak munta txikiko lur-erauzketak aurreikusten ditu; soil-soilik ezkerraldean, Vitoria-Gasteizerako norabidean, egin nahi den lur-erauzketa (0+990 - 1+040 KP) da munta handiagokoa (gehienez 4 metroko altuera). Gaur egungo lur-erauzketak 42-ko malda du, eta egonkortzat jotzen da, ezegonkortasun-sintomarik gabe. Lur-erauzketa hori egiteko, 1H/1V malda duen indusketa egitea proposatzen da. Lur-erauzketaren goiko erdia lurretan egingo da, eta gainerakoa substratu harritsuan induskatuko dela uste da. Lubetei dagokienez, 3H/2V-ko maldarekin proiektatzen dira eta horietako batek bakarrik gainditzen du 4 m-ko altuera (1+250 1+340 KP); gainerakoek 3,50 m-tik beherako altuerak dituzte.

      Gaur egun dauden zeharkako drainatze-obra gehienak (aurrerantzean, ZDO) kontserbatzen dira, eta lubeta berriaren luzera osoan handitu. 1. eta 5. ZDOak berriak dira eta egungoak ordeztuko dituzte. Horiek masa-hormigoiz beteko dira. 3. ZDOa 11,5 m luzatuko da, eta zorroten mailakatu bat beharko da, drainatzearen irteera 15 metro inguruko ibilgu enkatxodunarekin lotzeko; enkatxoak 1,5 m-ko zabalerako ohearekin eta 0,5 m-ko altuerako eta 1H/1V-ko maldako ezpondekin.

      Areka berriak triangeluarrak edo trapezio erakoak proiektatzen dira, estaliak, eta 2H/1V maldako paretekin.

      Bi alternatiba aurkeztu dira: 0. alternatiba, egungo egoerari eustea bidegurutzean, eta 1. alternatiba, proiektuak garatzen duena.

      0 aukera baztertu da, bidegurutzearen egungo egitura oso txikia delako, eta horrek sarbidearen bide-segurtasuna murrizten duelako.

    1. alternatiba hautatzeko justifikazioa da bidegurutzearen inguruko bide-segurtasuna hobetzeko premia, eta egungo errepide-trazadurara hobekien egokitzen dena delako, okupazio eta afekzio gutxienekoetara mugatuta.

      Bi alternatiba aurkeztu dira: 0. alternatiba, egungo egoerari eustea bidegurutzean, eta 1. alternatiba, proiektuak garatzen duena.

      0 aukera baztertu da, bidegurutzearen egungo egitura oso txikia delako, eta horrek sarbidearen bide-segurtasuna murrizten duelako.

    1. alternatiba hautatzeko justifikazioa da bidegurutzearen inguruko bide-segurtasuna hobetzeko premia, eta egungo errepide-trazadurara hobekien egokitzen dena delako, okupazio eta afekzio gutxienekoetara mugatuta.

    2. Proiektuaren kokapena.

      Proiektuaren eremua Ubide (Bizkaia) eta Legutio (Araba) udalerrien artean dago. 670 m luze da, batez ere belardiek eta hostozabalen heskaiek okupatutako lurretan.

      Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

      Proiektuaren eremuaren hego-mendebaldean, 160 bat metrora, Gorbeia KBEko Kontserbazio Bereziko Eremua dago (ES2110009), Parke Natural ere izendatua (ES210001).

      Proiektuaren eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan kokatuta dago, Ebroko Mugape Hidrografikoan. Zehazki, Undabe edo Santa Engrazia ibaiaren arroan dago; eremu horretan, N-240 errepidearen trazadurarekiko paralelo antzera doana. Undabe ibaia, tarte horretan, 玈anta Engrazia ibaia Urrunagako urtegiraino (Undabe ibaia barne) (ES091487) ur-masaren barne dago. Zubizola ibaia ere nabarmendu behar da, eskuinaldetik isurtzen dena Undabe ibaira.

      Ebroko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroak eremu sentikorreko bilketa-eremu batean sartzen du proiektuaren eremua (Urrunaga urtegiaren isurialdea) hartzeko eremu gisa hartzen du eremua, eta Zubizola ibaia, Gorbeia KBEan egiten duen tartean, 玈anta Engrazia ibaia ibai-erreserba natural gisa (ES091RNF126).

      Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, proiektuaren inguruan altitude txikiko sega-belardi elkorrak daude (Kod.: 6510), eta Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak (Kod.: 91E0*), Bizkaiko mugatik Urrunagako urtegiraino Undabe ibaiaren bidean.

      Undabe ibaia, iturritik Ubide udalerriaren hegoaldeko mugaraino, eta Zubizola ibaia, bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremuak dira.

      Undabe ibaia, Bizkaiko mugatik Urrunagako urtegiraino, zebra-muskuiluak erasanda dago.

      Hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren arabera, eremuaren hego-mendebaldean elikadurarako babes-eremu bat dago.

      Ubide udalerrian dagoen eremu zatia abifauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko eremu baten barruan dago.

      Eremuaren hegoaldeko muturrak Gorbeia Aizkorri Aratz (Kod.: S1) eskualdez gaindiko lotura-igarobidea ukitzen du.

      Arriskuei dagokienez, eremuaren iparraldeko muturrak akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun ertaina du. Proiektuaren eragin-eremuak ez ditu ukitzen Undabe ibaian kartografiatutako uholde-arriskuko orbanik bat ere. Ez dago kutsatuta egon daitekeen lurzorurik.

      Bestalde, Ubideko herrigunearen ekialdeko muga N-240 errepidearen eraginpeko zortasun-eremuan sartzen da. Hala ere, Bizkaiko errepideen foru-sareko zarata-mapen arabera (2018ko otsaila), bertako eraikinen fatxadek gaur egun ez dituzte gainditzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak bizitegi-erabilera nagusi den eremuetarako ezarritako KAHak, aztertutako hiru aldietako ezeinetan.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzako LPSaren arabera, proiektuaren zatirik handienak Nekazaritza eta Abeltzaintzarako Balio Estrategiko Handia kategorian sartutako lurzoruei eragiten die.

      EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSak 1. maila ematen die Undabe eta Zubizola ibaiei (10-50 km2-ko isuri-arroa).

      Kultura-ondareari dagokionez, proiektuak ukitutako eremuaren barruan, Ustezko Arkeologia deklaratutako eremu bat dago: 2. fitxa Andra Maria Magdalena baseliza (E, ageriko egiturarik gabe). 1997-06-10eko EHAA, 109. zk.). Gaur egungoaren aurreko baseliza zegoen toki zehatza ezezaguna da; eremu horretan, etxebizitza batzuk eta erditik igarotzen den eraberritu beharreko errepidea daude. Gure horren interesa eremuaren zorupean dago, tenpluaren jatorriari, egiturazko ezaugarriei eta bilakaera historiko-eraikitzaileari buruzko informazioa eman dezaketen egitura-aztarnak kontserba baitaitezke bertan.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Errepidea zabalduz gero, balio estrategiko handiko lurzoruak okupatuko dira, eta errepide ertzean dagoen zuhaitz- eta/edo zuhaixka-landaredi urria moztu eta/edo inausiko da.

      Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortuko dira errepideak, kutxatilak, etab., desegiteagatik. Kultura-ondareak kalteak jasateko arriskua dago.

      Funtzionamendu-fasean, errepidearen plataforma Ubideko herrigunetik hurbilago egongo denez, ipar-ekialdera begira dauden etxebizitza-fatxadetan zarata-maila handiagotuko da.

      Eremuaren eta proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta N-240 errepidean Ubide udalerrirako sarbideko hegoaldeko bidegurutzea berrantolatzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Faunaren gaineko inpaktua minimizatzeko eran diseinatzea proiektuko elementuak:

      Proiektatutako kutxatilak urlehortarrentzako irteerekin egitea.

    1. zeharkako drainatze-obra (5. ZDO) ugaztun txikientzako pasabide gisa prestatzea, eta irteerako ahoan gidak jartzea, hala nola zuhaixka-espezieen landaketa trinkoak, faunaren pasabide gisa eraginkorrak direla bermatzeko.

      Teknikoki bideragarria den guztietan, hormigoia ez erabiltzea ZDOen irteera-oheetan eta aho-hegaletan eta zorroten mailakatuetan, baizik eta bioingeniaritzako teknikak.

      Hala badagokio, lur-erauzketen ezegonkortasun-arazoak konpontzeko, bioingeniaritza-teknikak erabiltzea lehenestea.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Nolanahi ere, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Undabe eta Zubizola ibaiei eta drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari (Batasunaren Intereseko Habitatei eta landaredia autoktonoari) eta balio estrategiko handiko lurzoruei eragitea saihestuko da.

      Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, eta obra-zuzendaritzari aurkeztuko zaio, oniritzia eman diezaion.

      Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko. Kontserbatu beharreko zuhaitzak markatu beharko dira, eta, beharrezkotzat jotzen bada, babestu, alferrik ez kaltetzeko. Tamaina oneko espezie autoktonoen aleak moztu behar izanez gero, obrek eragingo ez duten eremuetan birlandatzeko aukera aztertuko da.

      Bertako zuhaitz-espezieak kaltetu daitezkeenean, inausketa egingo da, bideragarria den guztietan, eta mozketa behar-beharrezkoa denean bakarrik egingo da.

      Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Astean behin, ur-ibilguen begi-ikuskapenak egin beharko dira, Undabe ibaian bereziki. Beharrezkoa bada, obrengatik eta eragiketa lagungarriengatik kutsatu daitezkeen urak biltzeko eta kudeatzeko behar direnak proiektatu eta egingo dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

      Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

      Ez dira inola ere garbituko hormigoi-makinen upelak aztergai dugun eremuan. Hormigoi-makinetako kanaletak garbitzean sortzen diren hormigoi-hondakinen isurketak minimizatzeko edo ezabatzeko sistemak instalatuko dira. Garbiketa-puntu horiek lurrean egin ahal izango dira hondeamakina bidez edo, bestela, obrarako edukiontziak erabil daitezke. Bi kasuetako edozeinetan geotestilez edo PEAD geruza isolatzaile batez estaliko dira, eta uretarako pH-zuzentzaile bat izan beharko dute.

      Sistema horiek proiektuaren eragin-eremuan instalatuko dira beti, eta hormigoiztatze-lanak egiten ari diren obra-leku guztietan kokatuko dira. Sistema betetzen denean, ura handik kanpo ponpatu beharko da, aldez aurretik pH-a kontrolatuz eta balio neutrora ekarriz. Hustutakoan, hondoan pilatutako hormigoia kenduko da, eta behar bezala kudeatu beharko da. Bizitza erabilgarria amaitutakoan, bertan pilatutako hormigoia kendu eta estali egingo da, eta behar bezala kudeatuko dira.

      Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

      Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira. Gainera, bide-segurtasunari buruzko araudiarekin bateragarria den guztietan, lubeten behealdean landaketak egingo dira, haltzadi kantauriarreko berezko espezieak erabiliz drainatzeetatik gertu dauden eremuetan, batez ere haltzak, lizarrak eta sahatsak, eta harizti-baso mistoko espezieak gainerako gainazaletan.

      Lurrak mugitzean, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obren ondorioz kaltetutako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

      Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

      Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

      Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

      Obra kontratatzeko baldintzen agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan barne hartuko du hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzea lortzeko behar diren mantentze-lanetara bideratutako kontu-sail bat.

      Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

      Bermatu beharko da Ubide herrigunean beteko direla kalitate akustikoaren helburuak (KAH) ustiapen-fasean, bizitegi-erabilera nagusitzen den lurraldeko sektoreetarako kalitate akustikoko helburuak ezartzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuarekin bat. Horretarako, zarata-neurketak egingo dira errepidetik hurbilen dauden herriko etxebizitzetan, obrak hasi aurretik eta errepide berria ireki ondoren. Emaitzak zein diren, neurri zuzentzaile egokiak ezartzeko beharra aztertuko da.

      Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluan xedatutakoaren arabera, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

      Egunez bakarrik lan egingo da.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Ildo horretan, ahal den guztietan, inguruko beste obra batzuetako indusketetako lurrak eta harriak berrerabiltzeari eman behar zaio lehentasuna.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko den Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua) eta Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko den Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

      Obrako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (679/2006, ekainaren 2koari) jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

      Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

      Aldian-aldian, obra-sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

      Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Ebazpen honen aurreko apartatuetan adierazi den bezala, proiektuak ukitutako eremuaren barruan dago Andra Maria Magdalena baselizaren Ustezko Arkeologia Gunea. Ustezko arkeologia-gune hori kaltetzea ekidingo da. Ubideko herrigunean dago, 15. ardatzaren hasierako KPtik 20 metrora.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan ezarritakoa bete beharko da; gutxienez, lanak hasi aurretik azterketa arkeologiko bat egingo da, eta dagokion Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzura bidaliko da, eta horrek zehaztu beharko du proiektu arkeologiko bat egin behar den ala ez.

      Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako edo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

      Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

      Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obraren okupazio-mugen kontrola.

      Gainazaleko uren kalitatearen kontrola.

      Batasunaren intereseko habitatei (91E0* eta 6510) eragindako kalteen kontrola.

      Hondakinak botatzea eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

      Proiektuaren eragin-eremuko herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Garbiketa eta obra-akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

      Ingurumen-aholkularitza.

      Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

      Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

      Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen N-240 errepidean Ubide udalerrirako sarbideko hegoaldeko bidegurutzea berrantolatzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

      Laugarrena. Ebazpen hau jakinaraztea Arabako Foru Aldundiko Bide-azpiegiturak eta Mugikortasun Sailaren Errepide Zerbitzuari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 6a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik