Umbra Light Festival jaialdiaren hirugarren edizioa 2023ko otsailaren 9tik 11ra egingo da, "Enpatia" goiburuarekin

2022-07-08

  •  Pandemiaren nahitaezko etenaldiaren ondoren, jatorrizko egunetara itzuliko da
  •  107.000 pertsona baino gehiago izan ziren azken edizioan, % 95eko hotel okupazioarekin

Umbra Light Festival jaialdiaren hirugarren edizioa 2023ko otsailaren 9tik 11ra egingo da, Gasteizko plaza, eraikin eta toki enblematikoenak argiz eta artez betetzeko. Oraingo honetan, ‘Enpatia’ izango da jaialdiaren goiburua, eta eskultura, proiekzio eta instalazio guztien arteko lokarria, argi-artearen bidez desberdinen arteko ulermena sustatzeko helburuarekin.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak; Maider Etxebarria alkateorde eta Ekonomia eta Turismoa Sustatzeko zinegotziak; Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak; Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak eta Carlos Torrijos jaialdiaren zuzendariak, gaur aurkeztu dituzte 2023ko Umbra Light Festival-en ildo nagusiak, eta hura prestatzeko lanak azaldu dituzte.

Hirugarren edizio honetan, Umbra Light Festival bere jatorriko egunetara itzuliko da, otsailera, alegia, pandemiak behartutako etenaldiaren ondoren, iaz azarora atzeratu behar izan baitzen. Cristina Gonzálezek iragarri du hirugarren edizioa otsailaren 9tik 11ra bitartean egingo dela eta, gainera, osteguna-ostirala-larunbata formatua berreskuratuko duela, bisitari gehiago erakarri eta hiriko kaleetan mugimendu gehiago sortzen duelako.

“Gure estrategia turistikoaren zutabeetako bat kalitatezko ekitaldiak babestea da, beste lurralde eta erkidego batzuetatik bidaiariak erakartzeko eta hemengo ostatu, taberna, jatetxe eta dendetako jarduera bultzatzeko ahalmena dutenak, eta Umbra Light Festival-ek frogatu du bere lehenengo edizioetan helburu horiek betetzen dituela. Otsaila, gainera, behe-denboraldia da eta jaialdiak lagundu egiten digu turismo sektoreko sasoikotasuna gutxitzen”, azaldu du.

Javier Hurtado sailburuak, bere aldetik, nabarmendu du Umbra Light Festival, bi edizio baino ez dituelarik, dagoeneko finkatuta dagoela argi-artearen erreferente kultural moduan maila nazionalean eta nazioartean, eta horrek proposamenaren kalitatea frogatzen duela. Hurtadok haren balioak ere azpimarratu ditu. “Abangoardiako argi-artea jende guztiaren eskura ipini, hiriaren eta lurraldearen marka sendotu eta hemengo turismo sektorea indartzen duen ekitaldi bat dugu hau”.

Lehenengo bi edizioetako turismo sektoreko inpaktuaren eta asistentziaren zifrak adierazgarriak dira. Maider Etxebarria alkateordeak adierazi duenez, “107.000 pertsona baino gehiagok disfrutatu zuten proposamen artistikoez eta argi-instalazioez 2021ko bigarren edizioan, eta jaialdiaren hiru egunetan hotelen okupazioa % 95era iritsi zen, 2019eko 84.000 parte-hartzaileren eta % 78ko hotel okupazioaren aldean. Hortaz, handitzen ari den jaialdi bat da”.

“Eta Gasteiz eta Araba sustatzen dituen jaialdi bat: bigarren edizioak komunikabideetan izan zuen oihartzunak ia milioi erdi euroko balioa izan zuen”, gaineratu du.

‘Enpatia’ goiburu

‘Enpatia’ izango da Gasteizko 2023ko Umbra Light Festival-entzat aukeratutako goiburua, eta eskultura, proiekzio eta instalazio guztien arteko lokarria ere izango da, argi-artearen bidez desberdinen arteko ulermena sustatzeko helburuarekin. Enpatiaren kontzeptuak adierazi nahi du pertsona batek besteen pentsamenduak eta emozioak hautemateko duen gaitasuna, bestea berdintzat ezagutzetik abiaturik.

Carlos Torrijos jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, “argiak pentsamenduak eta emozioak transmititzeko ahalmena du, eta ziur gaude Umbra Light Festival jaialdiak enpatia eramango duela Gasteizko kale eta plazetara. Berriz ere, bertaratutako guztien arteko komunikazioa, ulermena eta begirunea sustatuko ditugu argiaren bidez eta hark Gasteizko hiri-inguruneekin eta ingurune naturalekin dituen harremanen bidez. Emozioa besteengan, azken finean enpatia.

Torrijosek azaldu du, halaber, zeinen konplexua den ezaugarri eta neurri horiek dituen jaialdi bat antolatzea, eta adierazi du ekoizpen-faseak urtebete baino gehiago irauten duela eta, ondoren, programak irauten duen hiru egunetan trinkotzen dela. 20 instalazio eta proiekzioak muntatzeko, 100 profesional baino gehiago biltzen dituen talde batek parte hartu behar du (zuzendaritza, ekoizpena, artistak, teknikariak, prentsa, lantalde grafikoa eta dokumentazioa, etab.).

Umbra Light Festival jaialdiaren hirugarren edizioaren ekoizpen prozesua 2022ko urtarrilean hasi zen. Azken lanetako bat harrera ona izan duten artistei zuzendutako proposamenen deialdia garatzea izan da: 226 proposamen jaso dira bost kontinenteetatik, 2021eko deialdian baino % 32 gehiago, eta horietako 62 artista espainiarrek sinatuak dira, nabarmentzekoa delarik parte hartu duten euskal artisten kopuru handia.

“Nahi dugu 2023ko Umbra Light Festival jaialdiak berriz ere harritzea eta ilusioa sortzea eta hiriko espazioetan argiaz eta, azken batean, arteaz gozatzen duten familia, adiskide, bizilagun eta bisitariz betetzea Gasteizko kaleak. Horrela, lan egiten dugu ikuspegi guztietatik (arte, gizarte eta ekonomia aldetik) eskala handiagoko jaialdi bat gauzatzeko”, adierazi du Carlos Torrijosek.

Umbra Light Festival-ek erakundeen bultzada jaso du bere lehenengo ediziotik: Arabako Foru Aldundiarena, Eusko Jaurlaritzarena, Gasteizko Udalarena, eta, halaber, Vital fundazioa eta hainbat enpresa pribatu ere haren babesle dira.