Javier Hurtado sailburuak turismo jasangarriaren eta kalitatezko enpleguaren eredua defendatu du "El Turismo en Transformación" foroan

2022-07-14

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok “El Turismo en Transformación” foroan parte hartu du. Crónica Globalek antolatutako foro horretan, Bartzelonako Udalaren eta turismo-industriako operadoreen ordezkariekin batera, XXI. mendeko turismoaren, erantzukizunaren eta jasangarritasunaren, helmuga turistikoen erronken eta GJHetara egokitzearen inguruan eztabaidatu du.

Ekitaldian, sailburuak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak pandemiaren unerik zailenetan sektorearen erresistentziarako eta orain suspertze eta hazkunde fase honetan 2019koaren antzeko mailetan hartu zituen estrategiak azaldu ditu. “Sektoreak geldialdia izan zuen bi urteko pandemian, baina administrazioek ez genion utzi haiei laguntzeari. Horregatik, 150 milioi euroko erresistentzia-plana ezarri genuen turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreentzat, zuzeneko laguntzetan eta hainbat neurri eta programatan. Lehenengoak izan ginen turismo-sektoreari eusteko plan bat ateratzen, 21 milioikoa”.

Sailburuak nabarmendu du kalitatezko enplegua oso garrantzitsua dela “kalitateko zerbitzuak bermatzeko”. Zerbitzu horiek ez dira soldatan bakarrik oinarritzen, beste aldagai batzuetan ere oinarritzen dira, besteak beste kontziliazioan, eta horretan giltzarria da elkarrizketa soziala.

Bestalde, Javier Hurtadok zehaztu du Eusko Jaurlaritzaren jarduerak turismo jasangarriaren eredua indartzera bideratuta daudela, zeren eta “jasangarritasuna ez baita helburua, bidea baizik. Aurrera egiteko, funtsezkoak dira Europako funtsak eta helmugako jasangarritasun turistikoko planak, dagoeneko aplikatzen ari garenak. Gainera, sektorearen berrikuntza eta lehiakortasuna indartzeko martxan dauden programekin egiten ari gara aurrera, adibidez, Adimen Turistikoaren Sistemaren bidez, helmuga adimenduneko proiektuen bidez.”