Euskadiko Turismoaren Jasangarritasuneko Lurralde Plana, lehenengoa, onartu da, eta 3 urtean Europako Funtsetako 67 milioi sartuko ditu Euskadiko turismo-sektorean

2021-12-22

  • Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur aurkeztu du helmugako turismo jasangarritasuneko lurralde-plana, eta horren bidez lehenengo Next Generation Funtsak iritsiko dira Euskadiko turismora: lehenengo deialdi honetan 24 milioi

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Goyo Zurro Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak lagunduta, gaur aurkeztu du Euskadirako Helmugako Turismoaren Jasangarritasuneko Lurralde Plana, Next Generation Funtsekin finantzatuko dena eta Turismoaren Biltzar Sektorialean atzo onartu zena.

Lurralde Plan hori Espainiako Gobernuaren Turismo Jasangarritasuneko Estrategiaren barruan dago, eta Next Generation EB leheneratze-funtsetako 615 milioi euro bideratuko ditu horretara. Euskadik 67 milioi jasoko ditu 3 deialditan 2023ra arte, eta 2021ko lehenengo deialdi honetan 24 milioira iritsiko gara.

Turismo-sektorearen modernizazio eta lehiakortasun Planean (Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 14. osagaia) barne hartu den inbertsiorik handiena da, eta 3.400 milioi euroko aurrekontua du inbertsio zuzenetarako eta espezifikoetarako, sektore estrategiko honi zuzenduak.

Sailburuak azaldu duenez, “Gaur aurkeztu dugun lurralde-plan hau hainbat hilabetetan Turismo Ministerioarekin eta Estatu Idazkaritzarekin egindako koordinazio-bileretan eta turismoaren sektoreko eragileekin izandako topaketetan egindako lanaren emaitza da”.

Alde horretatik, azpimarratu nahi izan du Turismo Ministerioarekin eta Estatu Idazkaritzarekin izan duen lankidetza eta parte-hartze estua, estrategiaren lehenengo unetik ekarpenak eginez. “Hasieratik bukaerara egon gara mahaian, aulkia hutsik utzi gabe, ondo asko baitakigu funtsezkoa dela parte hartzea proiektuak aberastu ahal izateko”.

Era berean, sailburuak nabarmendu du turismo-eragileekin, kasu honetan, diputazioekin, udalekin, eskualdeekin eta mankomunitateekin, eta turismo-garapeneko gainerako eragileekin izan den koordinazioa. “Lehenengo zirriborroa jaso genuenetik, komunikazio eta harreman etengabea izan dugu Euskadiko turismo-eragileekin. Beti izan genuen argi planen negoziazioetan eta garapenean egindako aurrerapen bakoitzean parte hartu behar zenutela, behin-betikoak ez izanda ere, ekarpenak egin, prestatu eta koordinatuta jarduteko”.

Euskadirako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Plana

Euskadirako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planak 11 helmuga eta horien jarduketa-programak barne hartzen ditu (berez 18 aurkeztu ziren). Helburua handinahikoa da, “eragin eraldatzailea izan nahi du helmugak modernizatzean, lurralde-kohesioa eta turismoaren garapen orekatua indartuz, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren babesean”.   

Araba 

Gasteiz (Udala): 2,8 milioi. Villasuso Jauregiko Plaza eta Etxanobe lorategiak eraberritzea, turismo-enpresen ekonomia zirkularraren eta emisio baxuen plana. Hobekuntzak eraztun berdeko konektagarritasunean, azpiegitura berdea Erdi Aroko hirigunean eta wifi sarea instalatzea. 

Añanako Gatz Harana (Añanako Udala): 2 milioi. Bideak eta herriko konexioa hobetzea Gatz Haranaren eta Añana Gesaltzaren artean. Añana Gesaltzako harresietako ingurune naturaleko ibilbideak, zerbitzu gunea eta bisitarientzako aparkalekua egokitzea. 

Iruña Oka (Udala): 1 milioi. Herria egokitzea, naturaren zaintzarako instalazioa eta ibilgailu elektrikoentzako karga sistemak.

 Gipuzkoa 

Donostia (Udala): 4,4 milioi. Santiago Bideko ingurumena leheneratzea, mugikortasun jasangarria eta turismo-irisgarritasuna hobetzeko plana, turismoaren digitalizaziorako eta adimen turistikorako plana. 

Irun (Udala): 2 milioi. Oiasso Erromatar Museoko termen online erreserben eta dendaren sistema digitalizatzea, energia-egokitzapena eta ingurumena leheneratzea, irisgarritasun-plana. 

Bizkaia 

Bilbo (Udala): 4,7 milioi. Artxandako parkeko ingurumena leheneratzea, funikularraren goiko geltokia zaharberritzea. 

Enkarterriak (ENKARTUR): 1 milioi. Bizikletentzako geralekuak, zikloturistentzat ibilbideak, mugikortasun jasangarrirako plana, turismo-eragileak digitalizatzeko formakuntza-programa. 

Gaztelugatxe (Foru Aldundia): 1,9 milioi. Gaztelugatxeko magala egonkortzea eta baselizarako bidea birgaitzeko proiektua, Lugorri-Bermeo oinezkoen bidea. 

Urbaibai (Urremendi Landa Garapeneko Agentzia): 2,1 milioi. Tren-geltokiaren eta Mundakako turismo gunearen arteko konexioa hobetzea, zikloturista-plana, turismo-plataforma adimenduna, bertako produktuak sustatzeko jarduerak garatzea. 

Lekeitio (Udala): 1 milioi. Mendieta ontziola birgaitzea, Garraitz uhartea balioestea parke arkeologiko moduan, Santa Katalina itsasargirako irisgarritasuna eta aterpetxeen birgaitze jasangarria. 

Lea Ibarra (Mankomunitatea): 1 milioi. Leako Ibilbideko oinezkoen bidearen zorua eta zurezko pasabideetako segurtasuna hobetzea, Hiruzubin bainurako eta aisiarako eremua egokitzea, Bengoleako monumentu-multzoa zaharberritzea.

https://www.canva.com/design/DAEynAe-Rt8/view