Lehendakaritza

Euskadik Europar Batasunaren Kontseiluan parte hartzea

Parte hartzeko akordioak

2004ko abenduaren 9an, garai hartan Europar Erkidegoen inguruko Gaietarako Konferentzia (CARCE) esaten zitzaionaren baitan, akordio batzuk hartu ziren Autonomia Erkidegoek Europar Batasuneko Kontseiluan parte hartzearekin lotuta. Horietako lehenengoa Autonomiako Gaien Sailari buruzkoa zen, Europar Batasunaren aurrean duen ordezkaritza iraunkorrean (REPER) eta Kontseiluaren lantaldeetan duen parte-hartzea; eta, bigarrena, Europar Batasuneko Kontseiluak formazioetan duen parte-hartzeari buruz.

Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluaren formazioetan autonomiako ordezkaritza-sistemari buruzko akordioa aplikatzeko jardunbide egokien gida 2006ko abenduaren 12an lehen aipatutako CARCEko Osoko Bilkuraren erabakiaren bidez hartu zen, eta 2006ko abenduaren 15eko Ministroen Kontseiluak eginiko bileran banatu zen. Gida horren xedea zen aipatutako Akordio batzuk aplikatzea errazteko eduki eta gai praktiko batzuk zehaztea, eta Autonomia Erkidegoek Europar Batasuneko Kontseiluan modu efektibo eta eraginkorrean parte har zezaten ahalbidetzea.

Non parte hartzen da?

Parte-hartze zuzena aurreikusita zegoen, hasiera batean, Europar Batasuneko Kontseiluaren sektoreko lau formazioetarako eta horiei atxikitako Kontseiluko lantaldeetarako: Nekazaritza eta Arrantza; Enplegua, Gizarte Politika, Osasuna eta Kontsumitzaileak (EGPOK); Hezkuntza, Gazteria eta Kultura (HGK), eta Ingurumena.

Ondoren, Lisboako Itunaren ondorioz, autonomia-erkidegoek ere parte hartzen dute Kirol Arloan. Gai hori Europar Batasunean tratatzen da, aipatutako EGKK Kontseiluaren esparruan. Era berean, Lehiakortasunaren formazioari parte hartzeko aukera ireki zaio, baina Kontsumo eta Joko arloetan besterik ez.

Azkenik, Euskadi Ekonomia eta Finantzetako Kontseiluaren Lantaldeetan (ECOFIN) lanean ari da 2011 urteaz geroztik. Parte-hartze hori Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren barruan artikulatzen da.

Nola parte hartu?

Autonomia-erkidegoek parte hartzean, autonomia-erkidego guztien izenean eta horien ordezkari gisa egin behar dute, estatuko ordezkaritzan erabateko eskubidea duten kide gisa. Oro har, txandaka parte hartzen da, sei hilabeteko epeetan, Kontseiluko osoko bilkuretan (bertara joaten da ordezkaritza duen autonomia-erkidegoko sailburua) nahiz lantaldeetan (bertara joaten dira autonomia-erkidegoak izendatzen dituen pertsona teknikoak). Lantaldeek prestatzen dituzte gero Kontseiluaren osoko bilkuran lantzen diren dosierrak.

Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartzeko, autonomia-erkidegoek posizio komun bat adostuta izan behar dute osoko bilkuraren eguneko aztergaien zerrendako puntu baterako edo gehiagotarako.

2005etik aurrera ordezkaritza duen autonomia-erkidegoko sailburuaren esku-hartzea eska daiteke, Estatuko hizkuntza koofizialetako batean. Euskadiren kasuan, geroztik, parte-hartze gehienak euskaraz egin dira.

Zein autonomia-erkidegok ordezkatzen ditu besteak?

Parte-hartzearen xede diren gaien zehaztapena nahiz autonomiaren ordezkaritza izango duen autonomia-erkidegoaren izendapena kasuan kasuko sektoreko konferentzien kontseiluaren formazioan erabakitzen da. Horiek dira Estatuaren Administrazio Orokorraren eta Autonomia Erkidegoetako Administrazioen ordezkariak biltzen dituzten alderdi anitzeko eta eremu sektorialeko kooperazio-organoak.

Sektoreko konferentzietan zenbait irizpide ezarri dira erkidegoaren ordezkaria izendatzeko: Autonomia Estatutuen onarpen-irizpidea, biztanleen irizpidea, txandaketa politikoaren irizpidea, eta, batzuetan, tratatu beharreko gaiak Autonomia Erkidego jakin baten barruan duen eraginaren irizpidea. Azkenik, xede-irizpide bati buruzko akordioa posible izan ez denean, zozketa egitea edo Autonomia Erkidegoen ordena alfabetikoari jarraitzea planteatu da. Horrek guztiak argi erakusten du adostutako konponbideen heterogeneotasuna.

Euskadik Europar Batasunaren Kontseiluan parte hartzea

Europar Batasuneko Kontseiluko erkidegoen ordezkaritza gauzatzen hasi zenetik, Euskadik kasu hauetan izan du erkidegoen ordezkaritza Europar Batasuneko Kontseiluan:

  • Enplegu, Gizarte Politika, Osasuna eta Kontsumitzaileak (aurrerantzean, EGPOK) Kontseilua, Osasunari buruzko arloa. 2005eko lehen seihilekoa.
  • EGPOK Batzordea, Kontsumoari buruzko arloa. 2005eko bigarren seihilekoa.
  • Nekazaritza eta Arrantza Batzordea, Arrantza Arloa. 2006 abendua.
  • Hezkuntza, Gazteria eta Kultura Batzordea (aurrerantzean, HGK), Gazteria Arloa. 2007ko bigarren seihilekoa.
  • EGPOK Batzordea, Enplegu eta Gizarte Gaiei buruzko arloa. 2007ko bigarren seihilekoa.
  • Ingurumen Batzordea. 2007ko bigarren seihilekoa.
  • EGK Kontseilua, Hezkuntza eta Kultura arloak. 2008ko lehen seihilekoa.
  • Ingurumen Batzordea. 2009ko bigarren seihilekoa.
  • Lehiakortasun Batzordea, Jokoaren arloa. 2011ko lehen seihilekoa.
  • Lehiakortasun Batzordea, Kirolen arloa. 2011ko bigarren seihilekoa.
  • EGPOK Batzordea, Osasun arloa. 2012ko lehen seihilekoa.
  • Nekazaritza eta Arrantza Batzordea. 2013ko lehen seihilekoa.
  • Lehiakortasun Batzordea, Kontsumoaren arloa. 2014ko lehen seihilekoa.
  • EGPOK Batzordea, Enplegu eta Gizarte Politika arloa. 2014ko bigarren seihilekoa.
  • EGKK Batzordea, Gazteria arloa. 2014ko bigarren seihilekoa.
  • EGK Kontseilua, Hezkuntza eta Kultura arloak. 2016ko bigarren seihilekoa.
  • Ingurumen Kontseilua. 2018ko bigarren seihilekoa.

Parte-hartze horri gehitu behar zaio, lehen adierazitako moduan, Euskadi 2011z geroztik Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantzetako Kontseiluaren Lantaldeetan izaten ari dena.

Azken aldaketako data: