- Sailburuak 2024-2028 aldirako jarduera-programa aurkeztu du legebiltzar-batzordean
- Lehentasunezko arreta lehen sektoreari, 5 erronka estrategikorekin: errentagarritasuna eta lehiakortasuna; belaunaldien arteko erreleboa eta ekintzailetza; landa-ingurunearen bizi-kalitatea eta ahalduntzea; berrikuntza eta jasangarritasuna; eta lurralde-garapena.
- Sailaren 180 jarduera, Nekazaritza eta Elikadura Politikari buruzko lege berri bat eta 6 estrategia berri
- Arabako Errioxak lankidetza publiko-pribatuko eta erakundeen arteko bide-orri bat izango du, egiturazko neurriak, kalitatearen sustapena, diferentziazioa eta posizionamendua barne hartuko dituena
- 22,5 milioi euro bideratuko dira Arabako Errioxa Estatuko eta goraldian dauden nazioarteko merkatuetan sustatzera: AEB, Japonia, Mexiko, Suitza eta Erresuma Batua
- Belaunaldien arteko erreleboa sustatuko da lehen sektoreko 6 programa espezifikoren bidez
- Arrantza-sektorearen berregituraketak Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantza-erakundeak erakunde bakarrean biltzea babesten du
- 20 milioi euro Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko, Ondarroako eta Bermeoko izotz-lantegietarako eta EKP-Bermeoko lehorreratzeko gurdirako
- Mugaz gaindiko Euskal Sagardoa JDB berria ezartzeko asmoa
VG 2025 09 25
Amaia Barredo buru duen Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, legegintzaldi honetarako bere lan-programaren barruan, beste hainbat ekimenen artean, nabarmendu ditu “landan eta itsasoan belaunaldien arteko erreleboa sustatzea, Arabako Errioxako mahastizainak, upategiak eta esportazioak babestea eta Mutriku, Ondarroa eta Bermeoko portuetako hobekuntzak”.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak datozen lau urteetarako Sailaren jarduera-plana aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordean. Sailburuarekin batera parte hartu dute Raúl Pérez Iratxeta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendariak eta Ion Agirre Zerbitzu zuzendariak.
Barredok agerian jarri ditu “planeta osoko harreman sozialek eta ekonomikoek bizi dituzten ziurgabetasun-egoerak eta tentsio geopolitikoak, lehen sektoreko nekazaritzako elikagaien arloan eta ekoizpenaren esparruan bete-betean eragiten dutenak”.
“Agerian geratu da gure ongizaterako oinarrizkoak diren produktuetan eta zerbitzuetan kanpokoaren mende gaudela, eta lezio horrek eskatzen du erabakiak hartzea eta portaerak aldatzea gure etorkizuneko garapena bermatzeko. Horren aurrean, elikagaien ekoizpenaren izaera estrategikoa eta nekazaritzako eta arrantzako ekoizpenak elikaduraren bermatzaile gisa, kultura-, gizarte- eta ingurumen-balioen transmisore gisa, betetzen duen rola nabarmendu behar ditugu”, azpimarratu du.
Hazkundea eta Ongizatea
Barredoren arabera, “ikuspegi sozialaren eta ekonomikoaren arteko konbergentzia, berez, Sail honen lehenengo erronka da, eta, gainera, betetzat jotzen du sektorearekin hartutako konpromisoetako lehenengoa, hau da, elikaduraren, landa-garapenaren, nekazaritzaren eta arrantzaren sail propioa sortzeko eskaerari erantzuna ematekoa. Eta politika publikoak azpisektore bakoitzeko balio-kateen ikuspegi osotik planifikatzeko uztarketa perfektua da. Ekoizpenetik edo erauzketatik kontsumora arte”.
“Gure sailak bi premisari erantzuten die: sektoreen eskaerei erantzutea eta zerbitzu publikoak optimizatzea administrazioa arinduz eta malgutuz eta sektorea eta elikagaien ekoizpena defendatuz, nekazaritza, arrantza eta horiei lotutako industria elikagaiak hornitzeko eta gure tokiko biztanleria finkatzeko berme gisa hartuta”, azaldu du Barredok.
Elikagaien ekosistema
Sailburuak egiaztatu du “paradigma-aldaketa bat, balio-kateko eragile guztiak etengabeko ezegonkortasun-egoerara egokitzea eskatzen duena. Dauzkagu operadore berriak; inbertsio-funtsen presentzia; gora egiten ari den populazioarentzako elikagaien eskaera handiagoa; baliabide erabilgarri gutxiago; klima-aldaketa eta horrek elikagaien ekoizpenean dituen ondorioak; sektoreak zahartzea; teknologiaren sarrera, adimen artifizialarekin bizkortua; kontsumo segmentatua; doitasunezko nekazaritzaren aukerak; ekonomia zirkularra eta bioekonomia”.
Hori guztia “aldaketa- eta aukera-uneen” ondorio dira Amaia Barredoren esanetan, “eta gure ekoizpen- eta industrializazio-ereduak birpentsatzeko eta bideratzeko eta sektoretik gidatutako eta, jakina, hala uste bada, beti Administraziotik lagundutako trantsizio-prozesuei ekiteko eskatzen digute”, esan du.
Elikaduraren balio-kateko makro adierazleei dagokienez, Barredoren ustez, “sektorea 2019tik % 4,5 hazi den arren, ez da beste industria- edo zerbitzu-sektore batzuen erritmoan hazi, horiek % 15eko hazkunde-erritmoan egin baitute aurrera. Adierazle horrek nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna eta errentagarritasuna hobetzeko lan egitea eskatzen digu”.
“Euskal Autonomia Erkidegoko elikadura-katea sektore aipagarria da, BPGren % 9,7 baita eta 133.000 pertsonari baino gehiagori ematen baitie lana Euskadin”, adierazi du Amaia Barredok. “Azpimarratu behar da pisurik handiena elikagaien industriak eta bere trakzio-ahalmenak dutela, eta ez lehen sektoreak, BPGren % 0,84 baita, elikagaien sektorearen BPGren % 10. BPGri dagokionez portzentaje itxuraz txikia izan arren, lehen sektoreak lurraldearen azaleraren % 92 kudeatzen du, eta beste ekonomia batzuei eta, batez ere, gizarteari egiten dien ekarpena eztabaidaezina da, bai ingurumen-balioei dagokienez bai kultura- eta gizarte-balioei dagokienez, landa-eremuko biztanleriaren osagai nagusia baita”.
Barredok azpimarratu du “adierazlerik kezkagarrienetako bat, eta lehen sektoreak aurre egin beharko dion arazo nagusietako bat pertsonen zahartzea” dela. “Ustiategien 12.919 titularretatik % 10,4 bakarrik dira 41 urtetik beherakoak, eta % 30ek baino gehiagok 65 urtetik gora ditu”. “Administrazio gisa ditugun baliabideekin, lehen sektorea eta bere balio-kateak eragile ekonomiko eta jasangarri bihurtzen lagundu behar dugu”.
Lehentasunak
“Lehentasunezko arreta gune bat lehen sektorean ezarriko dugu. Eta gure ekintza 5 erronka estrategiko handiren bidez lehenetsiko dugu: sektorearen errentagarritasuna eta lehiakortasuna bera; belaunaldien arteko erreleboa eta ekintzailetza babestea; landa-eremuko biztanleriaren bizi-kalitatea eta ahalduntzea; berrikuntzaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua; eta lurralde-garapena nekazaritzako elikagaien arloko jardueren eta ekonomia osagarrien euskarri eta agertoki gisa”, esan du Barredok.
Elikaduraren sektorearen baliabide horiek, Barredoren ustez, indartu egin behar dira arlo hauetan: elikaduraren eta gastronomiaren arloan, “aukera esanguratsuak baititu bertako produktuaren trakzio- eta kontsumo-elementu gisa, bai eta nazioarteko proiekzioaren erreferente gisa eta kanpoko baliabideak eta talentua erakartzeko elementu gisa ere; ardoaren sektorean, arreta gune espezifikotzat Arabako Errioxa hartuta, gogoeta egitea eta lankidetza publiko-pribatua eskatzen baititu merkatuko eskaera berriei eta beharrezko doikuntzei behar bezala aurre egiteko; basogintzaren eta zuraren sektorean, eraldaketa-sektorearen eta Baskegur bezalako elkarteen inbertsio handien ondoren, lehen sektorearen integrazioa eta bere harremanak indartzea eskatzen duena; eta, laugarrenik, nekazaritza eta arrantzan eta horri lotutako industrian, erronka askori aldi berean aurre egin behar dietenak: harrapaketak, laboreen dibertsifikazioa, erreleboa eta nazioarteko merkatuak”.
Konpromisoak
Amaia Barredok nekazaritzaren arloan ezarritako helburua “argia, beharrezkoa eta handinahikoa da, eta beste esparru batzuetara ere heda daiteke: lehen sektorearen errentagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea. Horretarako, nekazaritzaren dibertsifikazioa babestuko dugu, arreta berezia jarrita labore estrategikoetan, hala nola, hazitarako patatan, milioi bat eurorekin, eta berotegietako ekoizpenerako hobekuntza teknologikoan, 12 milioi euro izango dituen Handitu Innova laguntzaren bidez. Horrez gain, inbertsio pribatuaren eta laguntzako politika publikoen orri adostu bat izateko aukera emango diguten plan sektorialak egiteko sektorearen eskaerari erantzungo diogu, eta haragitarako behi-aziendarekin eta labore estentsiboekin hasiko gara”.
Legegintzaren ikuspegitik, Barredoren ustez garrantzitsua da “nekazaritza- eta elikadura-politikari buruzko 2008ko Legea berrikusteko prozesuari ekitea. Lege hori onartu zenetik ia 16 urte igaro dira, eta urte horietan aldaketa handiak izan dira, bai mugatzen duen arau-esparruan –batez ere Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB)–, bai egituraren eta ekoizpenaren eremuan. Orain beharrezkoa da arau hori eguneratzea, nekazaritzako elikagaien gure sektorearen egungo errealitatera egokitzeko eta, aldi berean, familiako nekazaritzaren aldeko apustua egiteko eta ekonomia zirkularrarekin eta elikagaiak alferrik ez galtzearekin konpromisoa hartzeko”.
Belaunaldien arteko erreleboa eta ekintzailetza
Amaia Barredok azpimarratu duen alderdi bat belaunaldien arteko erreleboarena izan da. “Jarduerarekiko zaletasunik eza, sartzeko zailtasuna, errentagarritasunik eza edo gazteentzat erakargarria ez izatea dira aktibo berriak sartzea zaila edo prozesu motela izatea eragiten duten alderdiak. Legegintzaldi honetako helburu tronkal bat izango da, eta, horretarako, estrategia integral bat hedatuko dugu, foru-aldundiekin lankidetzan, gure sektorearen egituraren erronkari aurre egiteko”.
7 programa espezifikoren eta neurri aipagarrien bidez, nekazaritzaren eta abelazkuntzaren aldeko gizartearen eta gazteen interesa aktibatzea proposatzen” du. Horretarako, hainbat ekintza aipatu ditu bata bestearen atzetik, hala nola, gazteari lagun egiteko programak, mentoringekoak eta laguntzekoak; nekazari profesionalaren irudia bideratuko duten eta, bereziki, gazte berriak sartzen lagunduko duten arau-aldaketak, eta lurra, azpiegiturak eta ekipamenduak eskuratzeko mekanismoak, honako hauen bidez: ustiategietako egonaldiak, hurbiltze eta ikaskuntza-prozesuak bultzatuz; nekazaritzako lurzoruaren banku estrategikoak, Frantziako SAFER bezalako ekimen europarrei jarraituz; edo titularitatea eskualdatzeko tresnak, errelebodun aurre-erretiroak, integrazio dualak, beste enplegu batzuetan lanaldi-murrizketak lanaldi hori nekazaritzari eskaintzeko; edo finantza-mekanismoak.
Tokiko elikadura
“Beste helburu batzuk ere aktibatuko dira, besteak beste, honako ekimen hauen bidez: elikadura ekologikoa bultzatzea FOPE berria (ekoizpen eta elikadura ekologikoa sustatzeko plana) diseinatuz eta ezarriz; bertako produktuaren eta kalitatearen aldeko apustu eutsia; elikagaiak alferrik galtzea mugatzea; prestakuntza eta ekintzailetza gehiago aktibatzea, eta aipatzekoak dira Ortuellan kokatuko den Euskadiko elikagaien BICa edo Donostiako GOEa; eta elikadura-kateko enpresei zuzendutako berrikuntzetarako laguntzen portfolioa, 2025eko deialdietan 7,5 milioi euro izango dituena”, azpimarratu du.
Mahastizaintzako eta ardogintzako sektorea
Euskadiko edarien eta upategien sektoreari dagokionez, Amaia Barredok proposatu ditu sektorearen premiazko beharrei erantzuteko harreman-esparruak ezartzea, bereziki Arabako Errioxako ardoari dagokionez, “laguntza behar duen egiturazko egoera baitu, eta 14 milioi euro bideratuko ditugu hura sustatzera”.
Arabako Errioxarako, proposatu du lankidetza publiko pribatutik eta erakundeen arteko lankidetzatik sortutako bide-orri bat, egiturazko neurriak gaitzeko; kalitatea, diferentziazioa eta posizionamendu hobea sustatzeko neurriak babestea; ekintzak sustatzea bai sustapenean bai merkaturatzean, arreta Estatuko eta goraldian dauden nazioarteko merkatuetan (esate baterako, AEB, Japonia, Mexiko, Suitza eta Erresuma Batua) jarriz.
“Hori guztia, Guardiako eta Gasteizko EDA zentro berriaren esparru-programaren laguntzaz gain, programa Basque Culinary Centerrekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan gauzatuko da, 10 milioi euroko inbertsioarekin”, kuantifikatu du Amaia Barredok.
“Mugaz gaindiko Euskal Sagardoa JDB berria ezarriko dugu, eta sektoreari laguntza emango diogu jasangarritasuna bermatzeko, batez ere sagardogile txikientzat; artisau-garagardoaren sektoreari laguntzeko programa indartuko dugu; eta txakolinaren sektorean klima-aldaketara egokitzea eta ikerketa”.
Basogintza
Basogintzaren eta zuraren sektoreak, Barredo sailburuaren ustez, oso ezarpen zabala du Euskadiko lurraldean –ia % 60 okupatzen du–, eta, horrez gainera, “ekintza positiboa du biodibertsitatean, paisaia mantentzean, karbonoa finkatzean, lurzoruan eta beste hainbat alderditan. Zura eraldatzeko industriak ere aldatzen eta egokitzen jarraitzen du, eta balio erantsia sortzeko gaitasun handia du”.
Arrantzaren sektorea
Arrantza-sektoreari eta hari lotutako industriari dagokienez, Amaia Barredok adierazi du “aldatzen ari den gizarte baten erronka berrietara egokitu behar” duela. “Deskarbonizazioak, prozesuen digitalizazioak eta batez ere gazteen kontsumo-ohitura berriek, hori guztia jasangarritasunaren pean, ausardia handia eta aldaketak eskatuko dituzte bai arrantza-baliabideak kudeatzeko moduan bai arrantzako produktuak kontsumitzaileari helarazteko moduan”.
“Merkaturatzeko eta eraldaketako sektorearekin lankidetzan jardungo dugu prozesuak eta produktuak kontsumitzailearen eskakizun berrietara egokitzeko. Horretarako, arrantza-sektorea hobeto egituratzen saiatuko gara, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantza-erakundeak erakunde bakarrean biltzea babestuko dugu”.
Horrez gainera, jakitera eman du “bultzada bat emango diogu gure merkaturatze- eta eraldaketa-industriak Lehiatu Arrantzaren bidez egindako inbertsioei. Instalazioetako inbertsioak ere babestuko ditugu 2025erako 6 milioi euroko aurrekontu-erreserba batekin, bai eta Euskadin balio ekonomikoa sortuko duten akuikulturako proiektu berriak ere”.
Landa-garapena
Landa-garapenari dagokionez, beste hainbat ekimenen artean, Barredok honako hauek nabarmendu ditu: Smart Rural Proiektua, herriak ezagutza trukatzearen bidez ikuspegi eta estrategia adimendunak garatzera eta ezartzera sustatzeko eta inspiratzeko dena; landa-eremuko banku zerbitzuen programa, 4 urtean 2,5 milioiko zuzkidurarekin; emakumea landa-munduan ahalduntzea, ekonomian eta landako bizitzan aktiboki parte hartzea sustatzen duten programekin; eta BEROSI programa, adinekoei arreta emateko dena, euren bizi-kalitatea eta gertuko zerbitzuetarako sarbidea bermatzeko programa espezifikoekin.
Portu-eremuak eta itsasertzaren garapena
Itsasertzaren garapenari eta portu-eremuen kudeaketari dagokienez, Barredok nabarmendu du “ekonomia urdinaren bultzada gure itsasertzean, eta portuetako instalazioak behar berrietara egokitzea. Itsasertzaren Garapenerako Euskal Estrategia berriak identifikatuko ditu gaur egungo instalazioak epe laburrera ikusten dugun errealitate berri horretara egokitu beharko dituzten negozio-aukerak”.
Portuetako Plan Bereziekin, eta udal-administrazioen eta tokiko eragileen eskutik, Portuetako Udal Kontseiluak aktibatuko dira. “Mutrikuko Portuko Udal Kontseilua eratzeak, beste helburu batzuen artean, portuko babes-dikea sendotzea izango du helburu, eta horrek, Bermeoko eta Ondarroako izotz-lantegietan aurreikusitako inbertsioek eta Bermeoko kirol-portuko lehorreratzeko orgak 20 milioi eurotik gorako inbertsioa eragingo dute”, adierazi du Barredo´k.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)